3- Francoren heriotzaren ondotik: zaharra nola berritu edo berria nola sortu, hortxe koxka
3-c. Herrien burujabetza, famili sozialistaren oinarri demokratiko orokorra.
XXVII. biltzarraren aurreko datetan, bai militante kopuruan bai azpiegiturari dagokionez PSOEren mugak nabarmenak izanda ere, Alderdi Sozialista oposizioaren erreferentzi garrantzitsuenetakoa zen. Dena den, orohar oposizioaren zatiketaren barruan asko ziren euren burua "sozialista" izendatzen zuten alderdiak. Hauetako talde-alderdi bakoitzak bere zehaztapen ideologikoak eransten zituen, txikitasun horretan aldeak zeuden batzuen eta besteen militante kopuruan edo azpiegitura gaitasunean, maiz arduradunen izakera pertsonalak eta asmo-nahiak ziren bereizle esanguratsuenak, baina familia sozialista zatituaren barruan bakoitzak bere balizko esparrua babesten zuen. Balizkoa, hauteskunderik ezean oso zaila zelako alderdi edo talde bakoitzaren benetako eragin gaitasuna neurtzea eta ustezkotasun horretan oso tentagarria zen guztientzat indar irudi puztuan agertzea.
Aurrerago aipatu diren arrazoiengatik PSOErena leku pribilegiatua zen, baina premiak ere estutzen zuen. Lurralde askotan ez zuten ia egiturarik, edo oso gutxi, gainera ez zuten bereganatu nahi beste talde batzuen leku izendapenak itsas ziezaieketen alderdi zentralista-sukursalistaren irudia. Pisuzko arrazoiak denak rakitismoak jotako PSOEren gorpu indargearentzat gainontzeko talde sozialistak erakarri eta irensten ahaleginak egiteko. Eta noski, asmo horien jakitun izanda, azpijokoekin fidakaitz eta askok sendi barruko gorabehera mikatzenak dastatuak zituztela, gainontzeko taldeek garestitu egiten zuten euren buruaren prezioa desberdintasunetan zein elkarlanerako baldintzak azpimarratuz. Are gehiago epe labur-ertainean hauteskundeen erronka zekusatenean. Estatuaren antolaketaren oinarriak adosteko une historikoa zen, guztientzat. Halakotan bakoitzak bereari eutsi, gerora denboraren poderioz gehienak PSOEren baitan bilduko badira ere.
Desberdintasunak desberdintasun, Estatu Espainiarreko herrien autodeterminazio eskubidearen funts demokratikoa onartzerakoan bat etortzen ziren familia sozialistako ia talde-alderdi guztiak. Estatuaren lurralde antolaketari dagokionez behintzat PSOEren azken urtetako lerro politiko taktiko-estrategikoaren parean kokatzen ziren autodeterminazio eskubidea bermatuko zuen estatu federala proposatuz. Estatuko herrien sujeto politikoaren aitorpena ez zen arazoen iturburu, denek ados.
PSPko buru eta ikur zen Tierno Galván unibertsitateko irakasleak ez du jeloskortasuna ezkutatuko PSOEri ageriko abantaila ematen dion "nazioarteko laguntza" PSPra ez delako iristen (77). Estatuaren lurralde antolaketaren oinarriei buruz galdetuta berriz, gai honen inguruan erabateko erosotasunez mintzo dela erakusten duen doinu informala erabiliz adierazten du "inor ez dela gauza lurralde edo herri bakoitza nola determinatu behar den erabakitzeko". Hizkera arruntetik eztabaida politikoaren hizkuntza kodera itzulita berresten du autodeterminazioa, marxismoa eta PCEren legeztapena direla PSP alderdiaren borroka oinarriak. Eredu federala gaindituta dagoela iritzi eta "bi ganbaretako neofederalismoaren" aldekotasuna agertu arren, zehatzago, "autodeterminazioaren ikuspuntutik errespetagarria den desberdintasun autonomoaren onarpenarekin". Ikusten dugunez unibertsitateko irakasle honentzat alderdi guztien legezteapena autodeterminazio eskubidearen pare pareko oinarri demokratikoa izango da. Horregatik ez da lurraldeen izendapenaz kezkatzen, "herri edo nazio bakoitzak nahi bezala izendatu behar du bere burua", gaineratuko du hizkera erosoa berreskuratuz.
PSPrekin batera, FPS (alderdi sozialisten federazioa) zen lehiakide sozialisarik garrantzitsuena. Alderdi federazioaren barruan biltzen ziren Eusko Sozialistak, Catalunyako Elkargune Sozialista, Aragoiko Alderdi Sozialista, Galizako Alderdi Sozialista, Andaluziako Alderdi Sozialista, Pais Valenciá-ko Alderdi Sozialista, Illes-eko Alderdi Sozialista, Gaztelako Batasun Sozialista, Birreraikuntza Sozialista eta Madrid Lurraldea alderdia besteak beste. Alderdi-talde bakoitzak ia erabateko autonomia zuen lan hildoa finkatzerako orduan eta irizpide nagusienetan bat egitearen fruitua zen federazioaren elkarlana. Eusko Sozialistak alderdiko Mikel Salaberrik "Punto y Hora" (78) aldizkarian azalduko ditu Estatuaren lurralde antolaketaren inguruko iripide nagusiak. Estatua baino, "estatuen federazioa" da proposatzen dutena, hots, "herri subirano bakoitzak erabaki dezala egungo Estatua osatzen duten interes komunen kudeaketa". Alde taktikoari dagokionez, autonomi estatutua "autodeterminazioan amaituko den" bilakaeraren lehenengo urratsa baino ez da izango.
Aipatu talde hauez gain, izenean erantsi "sozialista" ez eramanagatik ideologia marxista-sozialistari atxekitzen zitzaien PTE (Lanaren Alderdi Espainiarra), ORT (Langileen Erakunde Erradikala) eta LC (Liga Komunista) alderdiek ere bat egiten zuten autodeterminazio eskubidearen onarpenarekin, joera federalzalearekin ezkontzen zuten oinarri demokratikoa, hain zuzen.
Aparteko aipamena merezi du PSOEren biltzarra baino hilabete eskas lehenako ETAren adar "politiko-militarrak" publikoa egin zuen "KAS alternatiba" edo estatuaren egituraketarako oinarri proposamena. Aipamen berezia frankismoaren azken urtetan zein ondorengotan euskal erakunde armatuaren iharduerak pisuzko lekua hartu zuelako mapa politiko orokorrean. Preso politiko gehienak ETAkoak edo ETAren aldekoak ziren, borroka armatuaren agerpen bakoitzak saihestezinak bihurtzen zituen era bateko zein besteko erreferentziak, Burgosko prozesuak lehenengo eta Carrero Blancoren aurkako ekintzak gero ikaragarrizko proiekzioa eman zioten, errepresioak, errepresioaren aurkako protestak....nola edo hala, ETA, erakunde armatuaren ekintzak zein aldarrikapenak beti ziren mintzagai.
Bada, esan bezala, erakunde armatuaren proposamenak zortzi ardatzetan zehazten ditu gatazka armatua gainditzea bideratuko zituzkeen Estatuaren egituraketaren oinarriak. "Askatasun demokratikoen ezarpena, inongo murrizketarik gabe" da lehenengo eskaera. "Erabateko amnistia" bigarrena. Hirugarrena: "indar errepresiboen deuseztapena eta erantzunkizun eskaera". "Euskadiren burujabetzaren onarpena" gero. Seigarren puntuan proposatzen da behin behineko gobernu autonomoa eratzea Euskal Herrian. Zazpigarren puntuan Euskal Herriko eta Estatuko boterearen harteko harremanak zehazten ditu eta, azkenik, erregimen faxistaren garapen-bilakaera oinarri izan dezakeen edozein irtenbide errefusatu eta hausturaren aldeko apustua luzatzen du. Ez dago beraz ia desberdintasun arrastorik ETAren adar politiko militarrak luzatu proposamena eta PSOEk bai XXVII. biltzarrean, bai aurreragoko beste bitan erabakitako lehentasun politikoen artean, ez bada ETAk Euskal Herriaren burujabetzaren aitortza jartzen duen lekuan sozialistek nazionalitate eta lurralde guztien autodeterminazio eskubidea jartzen dutela.
Behin apartekoak egiten hasita, ezin ahaztu PCE, nahiz eta lan honen xedea PSOEren ingurukoa izan. II. Errepublika garaian komunistek Estatuko herrien autodeterminazioaren alde hartutako konpromezuaren arrastoa erabat galduta zen 1976. urteko azken hilabetetan. Komunisten lehentasun gorena PCE alderdiaren legeztapena eskuratzea zen, premia larritzat zuten epe oso laburrean aurreikusten ziren hauteskundeen aurretik legezkoak izatea. Legeztapena lehenengo, horren azpitik eta hori lortzeko behar zen guztia: "Espainiaren batasun zatiezina onartzea", errepublikaren aldarrikapenari uko egitea, Erregeari lehialtasuna aitortzea, egitarau komunista lehuntzea eta Estatu aparatuen arduradunei erantzunkizunak eskatzeari uko egitea besteak beste. Saltsa horietan buru belarri sartuta, PCEkoek aski lan zuten pasabidetako negoziketekin, legeztapena lortzeko mobilizazioen antolaketarekin, taktika-estrategien birtziklai ideologikoarekin zein antzekoekin. Lan gehiegitxo baina gainera lege onarpena zail zezakeen aldarrikapenik ez haizatzeko erabaki argia.
Honen guztiaren ondorio azpimarratu behar da erregimenaren arduradunek 1976an abiaran jarri zuten diktaduraren moldaketa ereduaren aurrean PSOEk Estatu demokratiko bat egituratzeko ezinbesteko irizten duen herrien autodeterminazio eskubidearen onarpenean bat egiten duela sendi sozialista ia guztiak ez ezik, baita oposizioko talde ezkertiar gehienak ere. Nabardura, liskar, jeloskorkeri, lehiagrina edo desberdindu beharrak zirenak izanda, demokraziari ezinbestean atxekitzen zioten Estatuko herrien burujabetza aitortzearen baldintza.
4-Erregimenaren inboluzio arriskurik PSOEren barne inboluzioaren gauzapenera, egun bateko tartean
![]() |